Iñaki Gurruchaga Azpiazu
 

Iñaki Gurruchaga Azpiazu Irunen (Gipuzkoa) sortu zen eta lau urte zituela hasi zen arpa jotzen ikasten Marimí Azpiazu amarekin; gero, Baionara joan zen Vasilia Brianó arpa-jole ospetsuarekin ikastera; berarekin goi-mailako titulua eskuratu zuen, kalifikaziorik altuenekin. Daniel Dechicó Baionako Kontserbatorioko Ganbera Musikako arduradunarekin zenbait errezitaldi eskaini zituen Alemanian hilabetez. Hobetu beharraren hobetu beharrez, plaza lortu zuen Parisko Kontserbatorioan.

Euskal Herriko orkestra eta abesbatza guztiekin jo du arpa, baina bateren bat nabarmentzekotan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin egindako bidea dago (1982tik 1992ra). Donostiak Nicanor Zabaletari eskaini zion omenaldian arpa jo zuen bakarra izan zen eta haren errepertorioko zenbait pieza jo zituen.

Nazioarteko zenbait sari ere irabazi ditu musika-tresna horrekin; nabarmentzekoa, Radio Franciak antolatutako "Les Tournois du Royume de la Musique" lehiaketan lehenengo saria lortu zuen goi-mailan. Sari horri esker oskestrarekin kontzertu bat eskaintzeko aukera eman zioten Parisko Pleyel aretoan. Frantziaren ordezkari izan zen izen bereko nazioarteko lehiaketan eta hirugarren geratu zen Japoniaren eta Italiaren ostean.

Ia aldi berean flauta jotzen ikasi zuen Primitivo Azpiazu aitona eta Ignacio Gurruchaga aitarekin, Donostiara joan zen ikasketak hango kontserbatorioan amaitzeko. Marta Cocho izan zuen irakasle eta kalifikaziorik altuenak lortu zituen.
Eskolak eman ditu Errenteriako, Irungo, Donostiako, Durangoko eta Zumarragako kontserbatorioetan.

Flautarekin ere hainbat kontzertu eman ditu bakarlari gisa eta Euskadiko bakarlarien orkestrako, Hondarribiako Musika Bandako, "La Donostiarra" Musika Bandako kide ere izan da. Ganbera-musikako talde batzuetako kide izan da: Quinteto Bidasoa, Trio Pertika, Ostotz... Disko batzuk grabatu ditu aus_Art_records diskoetxearekin. Flautarekin edo flautinarekin jo dituen obretan Irungo Musika Bandaren eta izen handiko piano-joleen laguntza izan du.

Gaur egun arpa irakaslea da Donostiako erdi-mailako Francisco Escudero Kontserbatorioan. Irungo Musika Bandako flauta bakarlaria eta zuzendariordea da eta bakarlaria Sotto Voce Orkestra Lirikoan; Aragües Laukoteko kide ere bada.

 
1

www.OiartzungoFlautaTaldea.com

Madalensoro plaza 1 · 20180 Oiartzun

Tel. (+34) 629.50.26.47